EN | ES | EU

Arazoa

obj_problemaEsne-gazura dute ingurumen-arazorik nagusietako bat gaztandegiek. Izan ere, egiten den gazta kilo bakoitzeko, esne-gazuraren kantitate handia sortzen da.  Bestalde, zama organiko eta hezetasun handia dituenez, zaila da balio erantsiko erabileretarako haren tratamendua, manipulazioa eta garraioa. Alabaina, nutrizio-balio handiko osagaiak (proteinak, azukreak, gatzak…) ditu esne-gazurak; hori dela eta, lehengai oso baliagarria da elikagaiak eta pentsuak egiteko, baita bioerregaiak egiteko ere.

Gaztandegi txikiak edo ertainak dira EAEko gazta-sektoreko enpresa gehienak, eta ez dute esne-gazura behar bezala aprobetxatzeko edo eraginkortasunez tratatzeko behar den azpiegiturarik.

Horrez gain, oso sakabanatuta daudenez eta garaian garaikoak izaten direnez gazta-mota batzuk, are zailagoa da kudeaketa-prozesu egokiak ezartzea.

 

Gure ekarpena

obj_aportamosEuskal Autonomia Erkidegoan sortzen den esne-gazuraren aprobetxamendu integrala egiteko ekintza plan bat (adostua eta baliozkotua) garatzea du helburu VALORLACT proiektuak. Horretarako, proba pilotuak eta erakusketak egingo ditu, proiektuko aukeren (giza elikadura, animalien elikadura, bioerregaiak) bideragarritasuna (teknikoa, ekonomikoa eta ingurumenekoa) zehazteko.

Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Industriako Zuzendaritza da proiektuaren gidari. Partaideek, berriz, eskarmentu handia dute:

AZTI-TECNALIAk, giza elikaduran; NEIKER-TECNALIAk, animalien elikaduran; IBERLACTek, kontzentrazio-prozesuetan, eta BM INGENIERÍAk, biogasa egiten. Helburua da proposamen egingarriak jasotzea, gerora EAEn aplikatzeko, eskala errealean.

 

Irtenbidea

obj_solucionEtorkizunean Ekintza Plana aplikatzeko oinarria izango da proiektua. Plan horren arabera balorizatuko da EAEn sortzen den esne-gazur gehiena, eta zenbait konponbide eskainiko dira, era guztietako gaztandegi-motei eta haietako bakoitzaren eremu geografikoari egokituak.

Ekintza Planak arrakasta izan dezan, ezinbestekoa da hura abiarazi behar duten erakundeen eta organismoen (gaztandegiak, pentsugileak, abeltzainak…) laguntza. Ekintza Planean eta haren aplikaziorako Ibilbide Orrian jasoko dira proiektuaren alderdi teknikoak, legezkoak eta ekonomikoak, baita Planak berekin dakartzan ekimenei laguntzeko administrazioak jarriko dituen tresnak ere.